XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldiro, uda partean, herri batek hartzen du pastorala eratzeko ardura.

Antzezpena beti kanpoan egiten da, estalperik gabe: herriko plazan, frontoian, larrean...

Eskenatokia oholtza bat izaten da, atzekaldea oihal batez estalita dago eta honen gainean, tarima batean, musikoak izaten dira.

Antzezlekuak, hiru ale izaten ditu: ikuslegoari begiratuta eskumaldean dagoenetik kristauak irteten dira, ezkerraldetik ostera turkiarrak, eta erdikaldean dagoen sarreratik aingeruak, gehienetan umeek antzeztuta.

Pertsonaia talde bakoitzak janzketa berezia du, kristauek (pertsonaia nagusia, laborariak, gudulariak, eliz-gizonak...) soineko urdinak janzten dituzte, turkuek (ingelesak, espainiarrak, fedegabeak...) gorriak eta aingeruek zuriak.

Aspaldian aktoreak gizonezkoak ziren denak, gaur egun ordea gizonak eta emakumeak batera agertzen dira.

Ekitaldia aktoreek herrian zehar egiten duten martxarekin hasten da.

Gero eskenatokian ahots oneko aktore batek lehen peredikûa esaten du.

Honen bidez egizkizun desberdinak betetzen ditu: ikuslegoa agurtu, pastoraleko gaia aurkeztu, laburpena egin eta aktoreen sarrera iragarten du.

Aktoreak errejentak edo pastoralierrak zuzenduta jokatzen dute.

Hiru edo lau orduko iraupena izaten du eta eskenaldietan, jelkhadietan banatzen da.

Amaitzeko guztiei eskerrak emanez, azken peredikûarekin agurtzen dute jendea.

Pastoraleko oinarri diren hizketaldiek eta ekintzek beti jarraitzen dizkiete aspaldiko doinuera eta eskenatokian mugitzeko era finkoari.

Hala ere, pastoralgileek tarteka-marteka eta ekintza nagusiaren unerik garrantzitsuenak markatuaz, beren beregi konposaturiko kantuak eta aireak aurkezten dituzte.

Ondoren datorren kantua Muskildin (Zuberoan) 1991ko udan egin zen Harizpe pastoraletik hartua da.